XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirugarren argazkia

Honako hau koloretan dagoeneko. Larraitzen nago, kanpindenda baten kanpoaldean, bakarrik eta burumakur. Alkandora koadroduna, jeans fraka moztuak, motzik ez baitzen artean, eta txima luze-luzea.

1977ko ekaina da. Hamabost urtetik hamaseirako bidean. BUPeko bigarren kurtsoaren amaierako ikasketa bidaian genbiltzan.

Argazkia estreinako mozkorraldiaren biharamun pisuan aterea da. San Joanetan harrapatu nuen, Abaltzisketan, gehienak bezala gizon plantak egin nahian, sol y sombrarekin. Anixtasunaren ondorio, pentsatuko du norbaitek.

Garai hartakoak ez ditut lehengoak bezain garden gogoan. Baina ikasle onaren bolada ez nuela, ongi akordatzen naiz. Ordurako ikastolakoak bukatu eta Zarautzko frailetan genbiltzan. Eta, ikastolako lehen belaunaldikoak izaki, froga gogor samarra zen guretzat beste ikastetxeetakoak adina baginela erakustea... Alegia, ez genuela eguna kantuan ematen...

Hots, espainolez ere ia besteak hainbestean moldatzen ginela... Kantuan baino ez ginela aritzen, erdaraz ez genuela piperrik ere ulertzen eta gisako arrazoiek barreazala baino ez dute eragiten egun, baina hitzetik hortzerako zurrumurruak ziren orduan, noren ahotan zehazten hasiz gero, bat baino gehiago lotsagorrituko balitz ere.

Hamabost egun edo hilabete igaro genuen duda-muda horretan eta geuk antzeman genion gero, baietz, baginela besteak adina edozertan, eta gehiago zertan ginen azaltzen hasi behar genuela erabaki. Gehiago berriz, greba egunetan aurrena iritsi eta atean jartzen, eta, grebarik ez zenean, piper egiten ginen gehiago.

Fisika eta Kimika, Matematika eta Dibujo beti arrastaka ibiltzen nituen.